XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konforme, esan zuen.

Aurrera, ekin diezaiogun.

Nire eskua aurkitu zuen, boligrafoa zeukan eskua.

Bere eskua nirearen gainean itxi zuen.

Aurrera, txo, marraztu, esan zuen.

Marraztu.

Ikusiko duzu.

Ni zure atzetik joango naiz.

Ondo aterako da.

Tira, orain hasi, esaten dudan bezala.

Ikusiko duzu.

Marraztu, esan zuen itsuak.

Eta hasi egin nintzen.

Lehenik etxe tankera zuen kaxa bat marraztu nuen.

Bizi nintzen etxe bera izan zitekeen.

Gero teilatua ipini nion gainean.

Teilatuaren bi muturretan orratzak marraztu nituen.

Erokeria.

Aparta, esan zuen.

Itzela.

Primeran ari zara, esan zuen.

Ez zenuen uste honelako zerbait inoiz gertatuko zitzaizunik, ezta, txo?

Izan ere, bizitza gauza bitxia da, denok dakigu hori.

Tira, segi.

Aurrera.

Leihoak eta arkuak gaineratu nituen.

Hormabularrak marraztu nituen.

Ate eskergak erantsi nituen.

Gelditu ezinik nengoen.

Telebista programa amaitu zen.

Boligrafoa utzi eta atzamarrak itxi eta ireki egin nituen.

Itsuak papera haztatu zuen.

Paper osoaren gainetik mugitu zituen atzamarren muturrak, marraztu nuenaren gainetik, eta burua baiezka mugitu zuen.

Ongi zoaz, esan zuen itsuak.

Berriz hartu nuen boligrafoa, eta eskutik heldu zidan.

Aurrera segitu nuen.

Ez naiz inolako artista.

Baina hala ere marrazten segitu nuen.

Nire emazteak begiak zabaldu eta so geratu zitzaigun.

Sofan agondu zen, bata oraindik zabalik.

Zertan ari zarete?, esan zuen.

Esaidazue, jakin nahi dut.

Ez nion erantzun.

Katedral bat marrazten ari gara, esan zuen itsuak.

Lanean ari gara biok.

Estutu ondo, esan zidan.

Hori da.

Horrela, esan zuen.

Noski.

Lortu duzu, txo.